sábado, 9 de abril de 2016

Printzipio metodologikoak eta ikuspuntu Globalizatzailea Haur Hezkuntzan

Gaurkoan, hezkuntzaren inguruan landu ditugun globalizazioa eta ikasketa esanguratsuak aintzat hartuta geure taldari egokitu zitzaion Globalizazioaren inguruko Antoni Zabalaren "Los ámbitos de la intervención en la E. infantil y el enfoque Globalizador" testua irakurri eta laburpena eginez klasean eginiko aurkezpena publikatzea erabaki dugu taldean.

Nahiz eta ahozko presentazioa egitea egokitu zitzaigun egunean klasean egon ez nintzen arren esan beharra dut, taldeko kide guztien artean egin genuela lana taldeko bi kideek defendatu eta aurkeztu arren. Amaieran aurkezpenean erakusgai izan zuten Prezia ere atxikitua duzue.


Haur Hezkuntzako helburu eta eduki guztiak aurrera eramateko zaila da esku-hartze zehatz bat ezartzea, haur bakoitzak bere garapen eta erritmoak dituenez beharrezkoak dira metodo malguak, aldakorrak, moldagarriak.

“Nola erakutsi?” galderari erantzuteko, aurrez finkatutako helburu eta edukiak hartu behar dira kontuan. Ikasi dugun bezalaxe, Curriculumaren bidez finkatzen dira horiek, eta Haur Hezkuntzako etapak ere badu bere curriculuma. Bertan zehazten diren helburuek pertsonen gaitasun guztiei egiten diete erreferentzia: kognitiboak, motrizeak, autonomia eta oreka pertsonala, erlazio interpertsonalak, besteak beste.

Curriculuma interpretazio konstruktibista batean oinarritzen da eta irakaskuntzaren inguruan hartzen diren erabaki guztiak bere baitakoak dira. Konstruktibistek esaten duten bezala, pertsonek ezagutu nahi ditugun errealitateko esanahien inguruan osatzen dugun prozesu baten bidez ikasten dugu, hau da, aurrez ezagututako edukiak edo izandako esperientziak errealitatearekin lotuz.

Orokorrean ikaskuntza prozesu indibiduala den arren, ezinbestekoak dira haurrarentzat inguruko helduen laguntza (familia, irakasle, ezagun…) eta motibazioa (interesa, arazo bat konpontzeko nahia…).

Hasieran esan bezala, oso zaila da esku-hartze modelo zehatz bat ezartzea, horregatik lan egiteko / irakasteko modu ezberdinak egoten dira eta horietako batzuk aipatuko ditugu jarraian.



1.- Gaiak, proiektuak edo arazoak:

  1. Zenbait eremuren ezagutza: ingurunearena gehien bat (jostailuak, eskolako lagunak, auzoko dendak…), modu urriagoan identitate eta autonomia pertsonalarena. Adibidez eskolako lagunen inguruan, 3 urteko gelan, lehenengo astetan beraien artean ezagutzea landuko da (zein naiz ni? zein gara gu?) eta horrekin batera pixkanaka errespetua, talde-lana eta parte-hartzea bezalako gai garrantzitsuak landuko dira. Gainera horrelako jardueretan, eskuhartzea beharrezkoa izaten da, modu naturalean egin behar dena.

    Curriculumeko hainbat zatik erlazioa dute beraien artean eta horrela, zati baten helburu didaktikoak betetzean, bestearenak ere betetzea erraztu daiteke. Aurreko adibidearekin jarraituz, besteen ezagutzak norbere ezagutzari lagunduko dio eta horrela, identitate pertsonala eraikitzen hasteko aukera dago.

  1. Proposatzen diren jarduerak gela guztiarentzat daude zuzenduta, neska eta mutil guztiak zeregin berdinean aritzen dira eta irakaslea da hori gidatu eta zuzentzen duena. Aldi berean, irakasleak ikaslearen ikaskuntza mailara egokitzen ditu jarduerak, haur bakoitzaren gaitasunak kontuan izanik. Lehen aipatutako adibidean, ez da berdina izango lehendik Haur Hezkuntzako lehen ziklotik igaro direnen edo beraien lehen esperientzia bizitzen duten haurren erantzuna.
  2. Denbora ikasleen interes eta gaiaren garrantziaren araberako da. Adibidez, ez zen zentzuzkoa izango 2 edo 3 astetan zehar “gelako lagunen” ariketak egitea, lehendik denak ezagutzen badira. Ezagutzen duten gai baten inguruan behin eta berriz egiteak ez du ezer berririk ekartzen. Jarduerak programazio eta denboralizazio bat behar dute (jarduerak ez oso luzeak), irakasleak ezingo ditu denbora luzez haurrak motibaturik eta zentraturik mantendu, interesa erraz galtzen baitute. Garai honetan, haurren interesak beraien inguruan, gertu kokatzen dira. Haurraren errendimendu guztia atera ahal izateko gai/proiektu edo arazo zehatza izan behar du; aldiz, globala eta abstraktuakoa bada, nahiz eta irakaslea zehatza izan, ez da ziurra haurrak ulertzea edo jarduerak aurrera ateratzea. 



2.- Txokoak eta/edo Tailerrak

Bi jarduera mota bereizi ditzakegu esparru honetan, batetik jolasak erabil ditzazkegu gaiak modu orokorrean lantzeko eta bestetik modu zehatzago batean ikusi ahal izateko, bestelako jarduera batzuk egoten dira (adibidez marrazketa tailerra).

  1. Txokoetan orokorrean eduki espezifikoak lantzen dira, adibidez marrazkiak libreki egiteko txokoa. Baina aldi berean, beste eduki batzuk sar ditzazkegu zeharka, adibidez koilareak egiteko txokoan, zeharka koloreak lantzen dira, beraien arteko loturak, etab.
  2. Banaka zein talde txikitan egiten da lan, modu horretan haurrek eduki ezberdinak landu ditzakete, beraien interesen arabera eta autonomiaz; eta irakasleek ere, era indibidualizatuagoan laguntza eskaini.
  3. Azkenik, iraupenari dagokionez, normalean denbora laburrak izan ohi dira baina azkenean ikasturtean zehar eduki zehatzak lantzea lortuko da, txoko ezberdinetan eduki bera lantzen edo txoko berean baina modu ezberdinean eginez (eskumuturraren erabilpena hobetzeko: marrazkien txokoan, idazketaren txokoan…).



3.- Ohiturak/Errutinak


Hala eta guztiz ere, badaude zenbait helburu eta eduki aurrez azaldutako moduan ezin direnak landu eta garrantzia handia dutenak; adibidez autonomia, norbere identitatearen eraikuntza, ongizate pertsonalarekin loturiko jarduerak, etab. Hori lantzeko, Haur Hezkuntzan “erritual” batzuk ezartzen dira: erlazio interpertsonalak eta afektua lantzekoak (sarrera, ongi etorria, korroa…), deskantsatzekoak (siesta, erlajazioa…), etab.

  1. Beharrezkoak diren ezagutzak barneratzea da helburua (afektua, maitasuna, elikadura, higienea, aktibitatea, deskantsua…).
  2. Batzuetan horrelako jarduerak talde guztiarentzat izaten dira baina normalean lan indibiduala izaten da, haur bakoitzak bere erritmoan egiten duena. Jarduera horietan haur eta irakasle arteko interakzioa konstantea (iraunkorra) da, nahiz eta denborarekin haurra zenbait gauza bere kabuz egiteko gai izango den.
  3. Denboraren inguruan, lehen esan bezala egunerokotasunean egiten diren jarduerak dira, errutinetan bihurtzen direnak. Askotan behin eta berriz berdina errepikatzen ari garela dirudien arren, horrelako jarduerek gauza berriak txertatzeko aukera ematen du, horrekin aurrerapena ekarriz.

Esan bezala, Haur Hezkuntzako helburuak lortzeko ez dago esku-hartze eredu zehatzik. Hortaz, aipatu ditugun horiez eta ditugun beste estrategiez baliatzea beharrezkoa da.




METODO GLOBALIZATU ETA PLANTEAMENDU GLOBALZATZAILEA
  • Metodo globalizatuak honetan datza: eduki eta gaiak ikaslearentzat ez dira garrantzi gehien duten helburuak, errealitatea ezagutzeko bitartekariak baizik. Helburua ez da diziplina, errealitaterekin erlazionatutako zerbait ikastea baizik. Norbere ingurunera ezagutzeko ikasleak bitartekari edo instrumentuak beharko ditu, eta horiek dira diziplinek, edukiek eta gaiek eskaintzen digutena.
  • Garrantzitsua da, lehenago ere esan dugun bezala, haurren interesen inguruan lan egitea. Haur bakoitzaren interes eta kezkak zein diren jakiteko hitz egin beharko dute, edo marraztu, entzun, neurtu… Ondoren, interes horietatik abiatuz eta eduki zehatzen laguntzaz (zientziak, matematikak, etab.) arazoak konpontzeko eta errealitatea ulertzeko gai izango dira.
  • Soziologian ikasi genuen bezala, hezkuntzaren helburua errealitatea ulertzen duten herritarrak sortzea da, autonomoak, beraien kabuz gauzak egiteko gai direnak...; beraz, ez da gai zehatzak barneratze hutsa, horiek errealitatean aplikatzeko gai izan behar dute gure haurrek, arazoak konpondu ahal izateko.
  • Kasu guztietan, helburua eduki zehatz batzuk modu zorrotz batean ezagutu eta ikastean bada, nahiz eta eduki horiek ingurunea ezagutzeko bitartekari edo moduak izan, haurrak hasiera batetik ikas ditzala kontzeptu horiek, ondoren ezagutuko bait ditu eduki horien esanahi eta erabilgarritasuna, eta ondorioz baita hauen aplikazioa ere.
  • Idazlearen iritziz, helburua eskolan egiten den lan guztiak ikuspegi globalizatzaile bat izatea da. Eta hori ez da soilik metodo globalizatuak erabiltzearen berdina. Ikuspegi globalizatzailea errealitateko kezka eta arazoetatik abiatzen den esku-hartzea bezala ulertu behar da.

Laburbilduz eta amaitzeko, hezkuntzaren inguruko ikuspegi malgua izatera bultzatzen gaitu honek guztiak, aipatu ditugun metodo guztiak bere garrantzia dutela. Horregatik esan dezakegu jarrera kontua dela, hezkuntzaren aurrean azaltzen dugun jarrera eta helburuei ematen diegun garrantzia kontuan izanda, metodo eta estrategia berrietara irekita egotea helburuak lortzeko.

Hasieran aipatu bezala, hona hemen aurkezpenean erabilitako oinarri digitala (Prezia).

jueves, 7 de abril de 2016

Curriculuma eta bere zehaztapen mailak

Kaixo! Gaurkoan otsailak 19an gelan eginiko lana aurkeztuko dizuet. Batetik Curriculuma zer den zehaztu eta definituko dut eta ondoren, talde handian osatu eta zuzendu genuen taula azalduko dut. Bertan, Curriculumaren 4 zehaztapen maila aurkitzen dira ikusiko duzuen bezala eta maila bakoitzak atxikituta du dagokion dekretuaren esteka.


ZER DA CURRICULUMA?

Curriculuma, hezkuntzaren ikuspegitik, ikaskuntza-prozesu bat osatzen duten helburu, gaitasun, metodo eta ebaluazioen multzoa da. Hezkuntza-prozesua erabat zehaztuta uzten duen agiria da batzuentzat, izan ere, ze nola eta noiz irakatsi eta ebaluatu esaten du. Besteentzat, aldiz, modu orokorrago batez eskolak eskaintzen dituzten ikaskuntza-esperientzia guztien multzoa da curriculuma, agirian agertzen ez diren ikasteak ere curriculum ezkutua osatzen baitute.

Bi motatako curriculumak aurki ditzazkegu: Curriculum irekia, zeinak helburu orokorrak bakarrik jasotzen dituen eta ikaskuntzaren uniformetasunari uko egiten dion, hezkuntza egoera eta ingurune bakoitzera egokitzeko aukera eta hezitzaileari malgutasuna eskainiz, emaitzei garrantzia emanez eta ebaluazio jarraitu bat segiz; eta Curriculum itxia, aurrez ezarritako helburu, edukin eta bitartekoak biltzen dituena, modu homogeneo batez eta programa zehatz eta aldaezin batekin.



Jarraian klasean eginiko Curriculumaren zehaztapen mailak zehazten dituen taula txertatzen dizuet bakoitzari dagokion adibidearen link-a eskuragarri duzuelarik hurrengo zerrendan:

1. maila: HEZIBERRI eta LOMCE
2. maila: HAUR HEZKUNTZAKO CURRICULUM PROIEKTUA


Heziberri nire eskola bizipenen alorrean

Gaurkoan Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako currikuluma, hau da, Heziberri dekretua, aurretik egindako nire eskola bizipenekin alderatzea izango dut helburu. Nire haurtzaroko esperientzietan oinarriturik eta dekretua kontuan izanik bertako zenbait gai landu eta azalduko ditut.

Hasteko, niretzat esanguratsuena den gaia landu nahiko nuke familia eta eskolaren arteko harremana. Dekretu honetan zehar zenbait aldiz azaltzen da familien lankidetza haurraren garapenerako xedea dela eta baita hauen parte hartzea eta elkarlana ikastetxe eta familiekin gauza ezberdinak antolatzerakoan, horrek garrantzitsua dela adierazten du atal ezberdinetan errepikatzen duelako. Zizurkilgo ikastola txikia denez gurasoen harremana ia eguneroko bizitzan ikus daiteke, gogoan dut, ikastola amaitzean nola irakasleak gurekin atera eta gurasoekin hitz egiten jarduten zuen. Bestetik, egun berezietan, karnabalen kasuan esaterako, gurasoen parte hartzea handia izan ohi zen; bai lehenago mozorroak egiten lagunduz irakasleei eta baita egunean bertan beraiek gurekin ateratzen bait ziren gu bezala jantzita. 

Hurrengo atala konpetentziak izanik, artikulu honek atentzioa eman dit:

"Konpetentzia da irakaskuntza eta hezkuntza-etapa bakoitzeko eduki propioak modu integratuan aplikatzeko gaitasuna, jarduerak behar bezala egiteko eta arazo konplexuak modu eraginkorrean ebazteko."

Zati honetan, nire fitxekin erabateko lotura zuzena ikusten dut. Urtxintxa metodologia jarraitzen genuenez, fitxak egiten pasatzen genuen denbora asko eta bertan esleitutako konpetentziak gainditzea lortzen nuen. Baina dekretu honi, inklusibitatea falta zaiola ikusten dut, nahiz eta Heziberriko dokumentu honetan inklusibo hitza aurki dezakegun aurrerago. Izan ere, hezkuntzako-etapa bakoitzeko edukiak ez dituzte haur guztiak berdin barneratzen eta ezta erritmo berdinean ere; hortaz, haurren aniztasuna kontuan hartzen ez dela iruditzen zait eta hori oso garrantzitsua da bai haurraren garapen pertsonalerako zein bere nortasuna arrakasten bidez eraikitzeko eta ez porroten bidez. Gainera, konpetentzi hauekin lotuz, hauen ebaluazioaren inguruan orokorra, jarraitua eta prestakuntzakoa izango dela, ezarritako helburu eta ebaluazio irizpideen berri emango zaiela gurasoei eta hiru ebaluazio-saio egongo direla zehazten da besteak beste. Nire eskolan, esaterako, hiru ebaluazioak gabonen haurretik, aste santuaren aurretk eta udarako oporren aurretik egin ohi zirela gogoan dut. Orduan, gurasoak irakaslearekin hitz egiten zuten baina notak ere ematen zizkiguten konpetentziak zein mailatan lortu genituen adieraziz (gutxiegi, nahiko, ongi, oso ongo eta bikain).

Nire bizipenekin jarraituz irakasleak ikastolan zuen garrantziaz ohartuta, irakasle-talde osoaren egitekoa garapenean laguntzea dela aipatzen du heziberrik, tutorearen lanari garrantzia emanez, hau baita ikasleekin bakarka, taldean edo hauen gurasoekin elkarlanean eta koordinazioan aritzen dena. Ikastolan haur asko ez geundenez, konturatuko zineten moduan, irakasle taldeak etengabeko elkarlanean aritzen ziren eta nahiz eta bat izan erreferentzia haurrentzat, hau da tutorea, beste irakasleekin ere harreman handia egon ohi zen.

Hizkuntza dela eta, erdara ulertzen ez nuela aipatu nuen aurreko sarreran eta honi buruz ere aritzen da dekretu hau hizkuntza globala eta haurrak euskalduntzea ikastetxearen esku utziz. Gu erabat aritzen ginen euskaraz, baina 4 urterekin argentiatik etorri zen nire gelakideak ez zuen euskara ezagutu ere egiten. Piskanaka ikasiz joan zen eta guk berari gauzak erakusten genizkion bezala berak guri erdaraz erakusten zizkigun. Horrela, guk erdaraz zenbait jarduera egitean ezagutza gehiago genituen eta berak ere laguntzen gintuen. Bestalde, ingelesa ere lantzen genuen ordu gutxiz eta oso oinarrizko edukiak ikasiz.

Amaitzeko, Heziberri dekretu hau nire ikastetxean nabaria dela ikusi dut eta uste baino oroitzapen gehiagotan Curriculumak duen garrantzia inkonszienteki. Ohartu gabe, honek zehazten dizkigun dekretuak eta edukiak gure haurtzaroa bideratu eta markatzen dute eta; nahiz eta, egun LOMCE legeak iskanbila asko sortu, guk EAEn berezko dekretua moldatzeko jabe izateak pribilegioa ematen digu "nahieran" diseinatu dezakegulako, hori dela eta egungo dekretua, ikus daitekeenez, ez da asko aldatu.

Esaldiekin hausnartuz

Kaixo! Gaurkoan ere klase teorikoan egindako jarduera eta hausnarketa azaltzea tokatzen zait. Argazkien antzera heziketari buruzko hausnarketa egin genuen, baina kasu honetan esaldien bitartez. Hiruko taldean esaldi bat ikertzea tokatu zitzaigun eta gero denen artean esaldi guztiak aipatu eta bakoitzak bere esaldiarekiko egin zuen hausnarketatxoa azaldu genuen.

Esan beharra dago esaldi askok beraien artean erlazio handia zutela eta bikote edo hirukote batek esandakoa gehiagotan errepikatzen zela. Hori dela eta ondoren klasean aipaturiko zenbait ideia orokor aipatuko ditut esaldi baten bitarte eta baita guri tokatu zitzaigun esaldiaren inguruko hausnarketa ere.


"El maestro enseña más con lo que es que con lo que dice"


Esaldi honekin, argi utzi nahi dut niretzat klase honetan garrantzitsuena egin zaidan ideia. Irakasleak gehiago irakasten duela denarekin esaten duenarekin baino eta hori baino gauza argiagorik ez dagoela uste dut. Askotan irakasleek joera handia izan ohi dute gauzak behin eta berriz errepikatzeko eta horrela, haurrek ikasi egiten dutela uste da, baina askotan esateak ez du eraginik ikusten dutena kontrakoa bada; hau da, irakasleak edozer esan eta gero horren aurkakoak diren ekintzak egiten baditu haurrak esandakoari ez dio kasurik egingo eta ekintzak ikasiko ditu (ikusten duena). Hori oso garrantzitsua iruditzen zait eta gainera, honi gehituko niokeena ikaslearen interesa kontuan izatea litzateke. Ikastea garrantzitsua da baina zer ikasi behar duten zehaztea ere ez da atzean utzi behar. Ikasleen interesetatik abiaturiko ikasteak etekin handiagoa baitu, hortaz, irakasleak kontuan izan behar du irakasten duena hauen gustukoa eta interesekoa dela.



Bestalde, guri tokatu zaigun esaldia ondorengoa da:

"La educación es el arma más poderosa para cambiar el mundo" Nelson Mandela (1918-2013).

 Esaldi honek hausnarketa luzea egiteko mami nahikoa duela uste dut. Egia da ez dela erraza mundua aldatzea eta egun gutxiago politikariek duten heziketarekiko kontrola ikusita. Hala ere, hezkuntza, Nelson Mandelak esan zuen bezala, arma oso garrantzitsua dela uste dut; izan ere, pertsonak jasotzen duten hezkuntzaren arabera sortzen dira eta hezkuntzan eraikitzen dituzte euren identitateak oso txikitan hasita. Hori kontuan izanez gero, hezkuntzak duen garrantzia ezinbestekoa dela uste dut pertsona kritikoak sortzen baditu eta hauek bizitza hobeago baten bila borrokatzen badute. Horrelako ideiak eta aurretik ikusitakoaren aurka joan ahal izateko baliabideak hezkuntzaren ondorioa izango direla uste dut, eta hortaz, irakasleek ere aldaketarako gogo hori eduki behar dutela garrantzitsua ikusten dut, bestela haurrek ikasiko dutena tradizionalismo egonkorra besterik ez da izango.

Hau guztia esanda gaurkoz nahikoa dudala iruditzen zait. Hausnarketa potolo baten ostean zuek ere pentsatzera bultzatu zaituztedala espero dut!

Argazkiekin hausnartuz

kaixo! klase teoriko honetan Curriculumaren gaian testuinguratzeko, curriculuma zer den eta zein mota dauden ikusi genuen. Hezkuntzan, curriculuma ikaskuntza-prozesu bat osatzen duten helburu, gaitasun, metodo eta ebaluazioen multzoa da eta ondorengo motak bereizten dira; nulua, normala edo ofiziala, ezkutua eta erreala. Lehena, lantzen ez diren gaiek osatzen dute; bigarrena, adostutakoa eta bete beharreko curriculuma da, hau da, gobernuak zehaztutako printzipioak adierazten dituena eta derrigorrezkoa dena; hirugarrena, zuzenean landu ez arren eta formalean agertzen ez den arren betetzen den curriculuma da; eta azkena, amaierarako benetan bete dena da.

Aurreko horren inguruan gehiago jakiteko asmoz eta praktikan jartzeko, egungo egoera batzuekin argazkiak landu genituen eta horren inguruko hausnarketak egin.

Lanketa horrekin eta taldean hitz egin ondoren atera nuen (eta baita taldeak ere) ondorio nagusia ondorengoa da; askotan hitzez esandakoak ez duela zerikusirik egiten dugunarekin, bai egunerokotasunean, zein bizitzan zehar edo hezkuntzan. Esaterako, berdintasunaren ingurua behatzen badugu denok nahi dugu berdin tratatuak izatea, eta ez hori bakarrik, hori aldarrikatzeko ere zenbait ekintza ere egin ohi ditugu, baina gero errealitateak ez digu hori erakusten; izan ere, lehenak gara neska eta mutilak bereizten ditugunak edozein eremutan, esaterako janzkeran, zereginetan, beraiengandik espero ditugun ekintza zein emaitzetan, etab. (Curriculum ezkutua). Gainera, ezberdintasun horiek indartzen dituzten estereotipoak oso ohikoak dira gure gizartean eta horietako batzuk landutako argazkietan agertzen dira, adibidez: emakumeak "edozer" egiten duela diruaren edo opari baten truke, emakume askok gizonezkoen "boterea" edo haien "azpitik egotea" onartzen dutela, gizonezkoek emakumezkoek baino soldata altuagoa izatea lan berdina eginda...

Honetaz gain, hezkuntza munduan gehiago murgilduz eta gure gaiari helduz, errealitate ukaezina da irakasleek beren inguruan duten presioa (curriculuma, gurasoak, programazioa...) eta horrek askotan hezkuntzan duen eragina. Irakasleak arma boteretsuak dituzte ikasleen aurrean, zuzenki nahiz zeharka materiak, edukiak eta ideia asko helarazteko aukera baitute eta haur horien garapena "beraien esku" baitago.



Presio horren barruan, denbora falta ere egon daitekeela esan dezakegu. Arrazoi hori dela medio irakasle askok ikasle guztiak berdin tratatzen dituzte, helburu jakin eta berdina lortzeko, haur bakoitzaren garapena eta gaitasunak kontuan izan gabe. Nire ustez, beharrezkoa da irakasleak haur bakoitza ezagutzea, gauzak barneratzeko momentuak daudela jakitea eta horren arabera esku-hartzea, baina gaur egungo hezkuntza ia ezinezkoa litzateke hori lortzea eta gutxiago egungo murrizketak direla eta.

Haunarketa honekin amaitzeko, lasean atera genituen zenbait ideia esanguratsuak eta aipatu beharrezkoak iruditu zaizkit, gure etorkizunean eragina izan baidezaketela uste dut eta. Hortaz, irakasleari bere lana gustatu behar zaiola, bokazionala izan behar duela eta berak erakutsi eta irakasten duen moduan, ikasleengandik ere ikas dezakeela jakin behar duela uste dut; betiere ikasleen lekuan jarriz eta enpataz jokatuz.

Ondorengo bi argazkiak (taldean esanguratsuenak egin zaizkigunak) aurretik aipaturikoari erreferentzia egitean gain argiak eta esan nahi denarekiko zuzenak direla uste dut.